domingo, 1 de noviembre de 2009

Espainiako gudarosteak Afganistanetik ateratzeko kanpaina

Gero eta agerikoagoa da Afganistan okupazio militar eta gerrapean bizi dela. Ez dute herrialdea berreraiki. Ez dute demokrazia Afganistanera eraman. Ez dituzte emakume afganistandarrak askatu. Okupazioak hildakoak eta hildakoak baino ez ditu sortzen, biztanle afganistandarren artean zein gudaroste okupatzaileen artean. 2004an gudarosteak Iraketik ateratzeko zeuden arrazoiak berberak dira Afganistango kasuan.

Dena dela, Afganistanetik alde egin beharrean, Espainiako gobernuak gero eta partaidetza handiagoa dauka okupazioan. Horren adierazgarri, 220 soldadu gehiago bidali ditu, eta Kabuleko aireportuko agintea hartu du bere gain. Une oro eta nabaritasun guztien aurka, gobernuak GKE izango balitz bezala aurkezten du Espainiako armada, eta okupazioa misio humanitarioa dela dio. Zeregin horretan, prentsaren laguntza jasotzen du, 2003. urtearen aldean ia-ia bat datorrelako gerrarekin eta okupazioarekin.

Hori horrela izanik ere, Estatu espainoleko iritzi publikoaren zati handiena Afganistango gaur egungo agerpen militarraren aurka dago. Biztanleen %3k (eta emakumeen %1ek) baino ez dute gobernuak gudarosteak bidaltzeko ezarritako politika babesten. %41ek, ordea, gudarosteak atera behar direla uste dute (emakumeen artean %47k). Bestetik, %19k gudaroste-kopuruaren murrizketaren alde daude (datuak: Elcano Errege Institutuko Barometroa - 2009ko ekaineko emaitzak Nahiz eta Afganistanera gudaroste gehiago bidaltzeko erabakiak Irakekoak 2003an besteko babesik eduki ez, ez dute inolako jaramonik egiten.

Behean sinatzen dugun erakundeok kanpaina bat bultzatuko dugu, gehiengodun iritzi hori entzunarazteko, gudarosteak Afganistanetik ateratzeko eta gudaroste gehiago ez bidaltzeko.

Horrela jokatzean, ez ditugu krisi ekonomiko eta ekologikopean dagoen munduko gaur egungo eta premiazko beste arazo batzuk ahazten, guztiz kontrakoa baizik. Krisi horiek lotura estu-estua dute Ekialde Ertaineko gerrarekin. Horrez gain, inoiz justifikatuta ez dauden gastu militar handi-handiek helburu sozialetarako baliabideak eramaten dituzte; langabetu eta euren familientzako babesa, esate baterako. Denok dakigunez, gerra eta okupazio horiek petrolioan oinarritutako ekonomiaren ondorioa dira. Gainera, horixe bera ere bada klima-aldaketaren arrazoi nagusia.

Era berean, jakin badakigu Estatu espainolaren izen ona jokoan dagoela Afganistanen. Okupazioan parte hartzean, Espainiako gobernuak NATOn eta G20n duen irudia hobetu nahi du. Gure ustez, nazioartean duen izen onak hobera egingo luke, bake-printzipioak defendatu eta gudarosteak handik aterako balitu, 2004an Iraken egin zuen bezala. Hori egitean, NATOn parte hartzerik ez badu, aliantza beliko horretatik alde egin dezala, nola edo hala desagertu egin beharko litzateke-eta.

Ez da erraza izango gudarosteak Afganistanetik ateratzea, baina okupazioak dirauen bitartean, badakigu ezinezkoa izango dela herrialde horretan aurrerakuntza sozialak lortzea. Afganistango herriak 30 urteko gerra pairatu. Geure elkartasuna eta ahalegina zor dizkiogu, bakean bizi dadin.

Espainiako Gudarosteak Afganistanetik ateratzeko Kanpainan parte hartzen dugun erakundeok helburu hori lortzeko mobilizatuko gara.

Kanpainari hasiera emateko, sentsibilizazio, ekintza eta mobilizazio jardunaldiak egingo dugu azaroaren 28an, larunbata. Hurrengo asteetan zenbait hiritan egingo diren mobilizazioen xehetasun gehiago bidaliko dizkizuegu bere garaian.


Orain, beti bezala, gerrarik ez, okupazio-indarrak kanpora!
Espainiako gudarosteak berehala etxeratu daitezela!
Elkartasuna Afganistango herriarekin!
Bakearen, lanaren eta mundu iraunkorraren alde.

No hay comentarios:

Publicar un comentario